lunes, 5 de marzo de 2012

Vaire balitz verre beharrean...

Aspaldi Jasone Osorok idatzitako artikulotxoa dugu hemen eta zuekin elkarbanatu nahiko nuke, berriz ere. Beti bezela, GOZATUZAZUE!
Eta dena akats bategatik. Emakumeok kristalezko oinetako
baten barruan harrapatuak gaude okerreko itzulpen bategatik.
Izan ere, Charles Perraultek Errauskine idatzi zuenean, larruzko
oinetakoa irudikatu zuen. Larrua frantsesez vaire esaten da. Baina
badirudi erruren bat egon zela itzulpena egiterakoan eta vaire jarri
behar zuen tokian verre agertu omen zen. Eta verre hitzak beira
esan nahi du. Akats bat, beraz. Erru horrek eman dio, besteak beste,
ipuinari bere ospea. Agian zapata larruzkoa balitz ez litzateke horren
miragarria izango. Oinetakoa beiraz egina izateak xarma berezia
ematen dio istorioari.
Emakume gehienok desiratu izan dugu noiz edo noiz kristalezko
zapatak janztea, horrek nolabait printze urdina bereganatzea
ekarriko baligu bezala. Inozoak gu. Eta inozoak txiki-txikitatik horixe
erakutsi digutelako. Alegia, denbora pasa arren, garai berrietara
egokitu beharra izanda ere, halere, neskak neska garen unean
barnean ezkutatua daukagu Errauskineren konplejua. Guztiok
gara etxekoandre. Guztion ametsa da bizitza osoa iraungo digun
maitasuna aurkitzea. Guztiok pentsatzen dugu zoriontsu egingo
gaituen gizonezko bat ezagutuko dugula noiz edo noiz. Eta gizon
horrek konkistatuko gaituela. Beirazko oinetako zoragarria jantziko
digula egunen batean, berarekin esposatzeko eskatzen digun
heinean. Eta hortxe hasten da gure benetako kartzela. Beirazko
zapata madarikatu hori janztean….
Oinetako batek aldatu zuen Errauskineren bizitza. Hortxe amaitzen
da ipuina. Printzeak berarekin gaztelura eramaten duen unean. Eta
bukaera hori irakurrita irribarrea marrazten da haurren aurpegian.
Zeinen ondo! Errauskinek lortu du bere ama-orde eta ahizpa-orde
maltzurren aldamenetik ihes egitea. Lortu du sukaldean giltzapetua
egotetik Jauregi eder batean bizitzera joatea. Zortea izan du
Errauskinek. Merezi zuen, urte luzez triste eta goibel bizi izan baita.
Egunen batean salbatuko zuen norbaiten zain. Errauskine zintzoa,
ona, goxoa, ulerkorra, otzana, sekula ahotsik altxatzen ez duena.
Tokatu zaiona onartzen duena. Ahorik zabaldu gabe.
Bide horretatik engainatzen gaituzte. Txiki-txikitatik barneratzen
dugu emakumeok halakoxeak behar dugula izan. Lehen legea:
eskuzabalak, umilak, isilak, zalapartarik sortzen ez dutenak.
Horrelakoak izanik lortuko dugu egunen batean saria: bizimodua
aldatzea.
Hori bai, argi izanik bidean aurkituko ditugun areriorik handienak
emakumezkoak izango direla. Gu baino itsusiagoak izango direnak.
Gu baino tuntunagoak. Baina, inbidiak jota, gure bizitza ahalik eta
itogarraiena eta ilunena izaten saiatuko direnak. Horratx bigarren
agindua: emakumeen areriorik handiena beste emakume bat da.
Eskerrak hor dauden gizonak gu salbatzeko! Eskerrak zaldun eder
eta bihotz onekoak existitzen diren. Guk ezer egin gabe hurbilduko
zaizkigunak. Gure edertasunak eta onberatasunak erakarrita. Gure
lotsa eta nerabetasunak kitzikatuta. Gutxien espero dugunean
agertuko da. Sorpresaz. Gure atea joko du. Eta guk sartzen utziko
diogu, galderarik egin gabe. Azken batean, bera printzea da. Printze
urdina. Gu salbatzera etorri dena. Gure bizimodu tristetik askatuko gaituena. Paradisurantz eta etenik gabeko zoriontasunerantz
eramanaz. Hirugarren legea: emakume bat zoriontsu egingo duena
gizonezko bat izango da. Beti.
Beirazko zapata jantzita sartuko gara gazteluan. Pozik. Itxaropentsu.
Amesgaiztoa amaitu dela sinetsita. Baina….
Baina ipuinak ez dira hor amaitzen. Printze urdinaren estreinako
musuaren ostean egunerokotasuna dator. Eta egunerokotasun
horretan beirazko oinetakoak estutu egiten du. Ez baita batere
erraza kristalean harrapatutako zapata-parearen barruan ibiltzea.
Zauriak egingo dizkigu. Azazkala urratuko. Estropozu egingo dugu
behin eta berriz. Baina zapata kentzeak ikara sortzen digunez, bere
horretan jarraituko dugu. Nork arriskatu nahi du oinutsik ibiltzera?
Hobe estutzen digun zapata, biluztutako oin bakartia baino. Hobe
zauritxoz betetako hanka, minik eta oinazerik gabeko bizimodua
baino. Salbatu gaituen printze urdinaren ondoan bizitzearen truke
zerbait ordaindu beharko da. Gure oinen osasuna. Beirazko zapatak.
Takoidun oinetakoak. Oina, eta arima estutuko dizkigun euskarria.
Lotuta berriz. Baina gizonezko baten ondoan.
Horratx laugarren legea: oinetakoak estutu egiten du, baina
oinazeak merezi du printze urdina alboan baldin badaukazu. Hobe
estu, bakarrik baino.
Urtebete pasatxo behar izaten dugu zutik ipini eta oinez hasteko.
Bizitza osoa behar dugu beirazko zapata jantzita eroso sentitzen
ikasteko.
Eta dena akats baten ondorioz. Zeren, batek daki, agian verre
beharrean vaire balitz….. Errauskineren zapata beirazkoa izan
beharrean, larruzkoa balitz…. Larrua bigundu egiten da ibiliaren
ibiliaz. Larruak gure azalaren antzekotasun handiagoa dauka.
Denborak xamurtu egiten du. Larrua, gaizki tratatu ezkero, puskatu
egiten da. Zulatu. Agian…. Errauskineren zapata larruzkoa balitz
zulatu egingo litzateke azkenean. Eta behatz potoloak askatasunaren
haizea sentituko luke. Eta oinetako barruan geratzen diren behatzak
baino hobe bizi dela ohartuko litzateke. Aske. Litekeena da kasu
horretan Errauskinek zapata kentzeko ausardia izatea. Ortozik
bizitzeak pena merezi dezakeela erabakitzea. Posible da gaztelutik
atera nahi izatea. Beste printze batzuk existitzen direla jakitea. Eta
adiskide izan ditzazkeen emakume asko dagoela ohartzea. Vaire
balitz verre beharrean…
Istorioa berridatzi egin behar da. Gure seme-alabek ez dezatela
paradisua eskainiko dien beirazko zapatekin ametsik egin. Horrek
ahul egingo ditu-eta.
Jasone Osoro.

No hay comentarios:

Publicar un comentario